
2008-07-04 | 15:22:51
Datorren asteburuan ospatuko da 19. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia
Mundu osotik etorritako hamaika talde ariko dira kaleetan zehar
Datorren barikuan hasiko da
19. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Barikutik domera kale artearen maisuek herriko kaleak hartuko dituzte. Barikuan, 19:00etan, Amaren alabak taldearen Amaren alabak antzezlanak hasiko du jaialdia: Konpiania aurrean izango da antzerki lana.
Mundu osotik etorritako taldeak ikusi ahal izango dira Lekeitioko gune ezberdinetan. Tartean, iazko Montrealeko umore jaialdian saritutako taldea: Bängditos. Alemanemaniako taldeak Die Schutzengel (Guardian Angels) antzezlana egingo du Lekeition. Suhiltzaile talde bat da, suhiltzaile kamioiagaz...eta irudimenaren ezuzteekin.
Berrikuntza modura, Zuberoan sortua eremua dago. Jaialdiak sortutako eremu berria da eta Zuberoan sortzen diren kultur ekitaldiak Lekeition plazaratzea da asmoa. Amaren alabak antzezlanaren lema kanta sorta bat da: Zuberoako arima taularetzen dute. Bestetik Mixel Etxekopar xirulariak eta Pierre Vissler clownak bat egiten dute musika, poesia, inprobisazioa eta umorearen alorretan.
Konpainia aurrean, plazan, portuan... herriko kaleetan azken batean, antzerkiaz gozatu ahalko da datorren asteburuan.
2008-07-02 | 15:56:37
Herriko ondarea ezagutzeko bisitak
'Ondarzabal' ontzia, Alde Zaharra eta Andra Mari eliza bisitatu dituzte
Lekeitioko II. Ate Irekiak egin dituzte gaur, eta herriko hiru gune ezagutu ahal izan dituzte parte hartu dutenek: Ondarzabal ontzia, Alde Zaharra eta Andra Mari eliza. Ondarzabal ontzian lehengo arrantzaleek ontzian zuten bizimodua eta beharra ikusi ahal izan dute. Alde Zaharreko kaleetan barrena herriaren historia ezagutu dute eta Andra Mari elizan amaitu dute bisitaldia.
2008-06-25 | 12:03:33
Udalak inoizko aurrekonturik handiena onartu du: 13,5 milioi
Ia sei milioi inbertsioetarako erabiliko ditu; EAren abstentzioagaz onartu dira aurrekontuok
Lekeitioko Udalak historiako aurrekonturik handiena onartu du: 13.596.594 euro. Horietatik 5,8 milioi euro, aurrekontuaren %43a, inbertsioetarako erabiliko ditu. 2007 urtean 11,3 milioi eurotakoa izan zen aurrekontua, eta 3,8 erabili zituen Udalak inbertsioetarako. Bost proiektu nagusik jasoko dute dirua.
Santa Katalina faroko beharrak, Basoalde eta Beitia Hotelaren ondoko zaborrontziak lurperatzea, Santa Elena baselizako konponketak, Turismo Bulego berria eta Atea atzealdearen urbanizazioa dira proiektuok.
Lekeitioko Eusko Alkartasunak Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza egunkariarin biztanleko 1,5 euroko dirulaguntza handitzea eskatzen zuen emendakina EAJk ez du onartu, eta hori horrela, aurrekontuak onartzerako orduan abstenitu egin da.
2008-06-17 | 16:19:39
Lekeitioko XVI. Triatloia zapatuan egingo dute
16:30etatik 18:00etara 420 triatleta ibiliko dira Plazakola eta Lekeitio artean
Zapatuan Lekeitioko XVI. triatloia jokatuko dute. Aurten, inoizko parte-hartze zabalena edukiko du trialoitak: 430 partaide edukiko ditu. Horietatik 57 neskak izango dira, eta 373 mutilak. «160 triatleta kanpoan geratu behar izan dira, jende gehiegik eman duelako izena, zoramena izan da», azaldu du Garraitz Kirol taldeko arduradun Luis Aretxabaletak.
Mutilak 16:30ean hasiko dira Isuntza hondartzatik, eta neskak ordu laurden beranduago: 16:45ean. Parte-hartzaileek 750 mtero igerian¬ Isuntza hondartzatik badia erdian dagoen faroa baino urrunago eta buelta hondartzara¬, 22 km bizikletan¬ Lekeitiotik Plazakolara eta buelta¬, eta bost km arin-aringa ¬plazatik Santa Katalinako farora eta buelta¬ egin beharko dituzte. Ordu bat eta 50 minutu inguru beharko dituzte egin beharrekoak burutzeko.
Zapatuko triatloiak eragin handia izango du herriko eta inguruko trafikoan. Triatloian beharrean egongo diren guztiek ahaleginak egingo dituzte arazorik ez sortzeko, baina antolatzaileek egun horretan autoa hartzeko asmoa dutenei deia egin die: «Lea-Artibaikoei eta kanpotik datozenei mesedez eskatzen diegu, 16:30etik 18:00ak aldera ahalik eta gutxien ibiltzeko Plazakola eta Lekeitio artean. Bide alternatiboak erabiltzea eskertuko genuke».
16:30ean hasiko dute Lekeitioko XVI. Triatloia, eta triatletek ordu eta 50 minutu inguru beharko dute zirkuitua amaitzeko. Ostean, sari banaketa egingo dute 19:00etan, Independentzia plazako kioskoan.
2008-06-16 | 17:15:30
Udal aurrekontuak egiteko modua aldatzeko eskatu du EAk
EAJk alde batera uzten duela salatu du
Lekeitioko udaletxean Osoko bilkura egin zuten joan den astean, eta gai ezberdinen artean, 2008ko aurrekontuak landu zituzten. Eusko Alkartasunak bost emendakin aurkeztu zituen. Aurkeztutako proposamen «ia guztiak» onartu arren, EAren ustetan ez dago alderdi bien artean «aurrekontu batzuek onartzeko hurbiltasun nahikorik».
Bost emendakin izan ziren beraz, EAk udalbatzarrean aurkeztu zituztenak: «Eluntzetan enpresa txikientzako zerbitzu gunea jartzea; hirisgarritasunaren barruan, herriko hainbat auzotara ailegatzea errazteko ranpak jartzea; Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzari bere garaian adostutako diru-laguntza ematea; Lekeitioko plazan dagoen taberna egokitzea urte osoko erabilpena edukitzeko; eta Eskolapean komun publikoak jartzea».
Hitzari diru-laguntzak ematea izan da adostasunik lortu ez duten puntu bakarra.
2008-06-13 | 15:56:33
Arrantzale bat hil da Boli Kostako uretan lan istripuz
Lekeition bizi izan da J.M.P, 50 urteko arrantzalea
Atzo, ekainak 12, arrantzale bat istripuz hil zen Boli Kostako uretan beharrean zegoela. J. M. P. 50 urteko arrantzalea, urte askoan Lekeition bizi izan zen eta Bermeoko Inpeska enpresako behargina Txori Urdin ontzian zegoen beharrean. LAB sindikatuak azaldu duenez, istripua 14:00ak aldera gertatu zen: «Arrantzaleak arraina jasotzeko sareak batzen ari zirela, apurtu eta poleak jo zuen buruan J.M.P. Bertan hil zen».
Lan istripua salatzeko, LAB sindikatuak deituta manifestazioa egingo dute gaur, 20:00etan, Eskolapean hasita Lan istripurik ez, patronala erantzulea lemapean.
2008-06-05 | 12:50:48
Talatik Portaleraino herri ereduak lantzen amaituko dute
Bihar egingo dute Talatik Portaleraino eguna
Neguko hotzari aurre egiteko asmoagaz, urtarrilean Talatik Portaleraino hasi zuen Lekeitioko gazte asanbladak. Udaren hasieragaz batera, ekimena amaituko dute hilabete honetan. Bihar ospatuko dute Talatik Portaleraino eta herri ereduen inguruan berba egingo dute hileon.
Biharko egitarauari dagokionez, 18:00etan Lekitto ezagutzen tailerra egingo dute Resurreccion Mª de Azkue plazan hasita. Gero, 20:00etan, pintxopoteoa egingo dute Isuntzan hasita.
Eguna amaitzeko kontzertua egingo dute Kabauan, 22:00etan: Lekeitioko Karkaba eta Bermeoko Okasientes taldeek joko dute .
2008-06-04 | 16:09:53
Merkatu Plazan igogailua jarriko du Udalak
50. urteurrenean, hobekuntzak egingo ditu
Lekeitioko Merkatu Plazak 50 urte betetzen ditu aurten, eta Udalak, «gunea suspertzeko helburuagaz», hobekuntza beharrak egingo ditu. Hasteko, kristalez hornitutako igogailua jarriko du oztopo arkitektonikoak ezabatu eta merkaturako sarrera erosoagoa egiteko. Bestalde, komunak konponduko dituzte, eta saltokien aurrean jesarlekua jarriko dute.
«Merkatu Plaza egin zenetik 50 urte betetzen diren honetan, suspertu egin nahi dugu. Hortaz, toki erosoagoa bihurtu eta sarrera errazteko asmoz hobekuntzak egingo ditugu», azaldu du Udalak. « Mugikortasun urria daukatenak, umeen kotxetxoagaz sartu behar direnak, eta beste hainbat herritarrei bertaratzeko erraztasunak emateko, igogailua jartzea izango da bertan egingo dugun beharrik handiena», gehitu du.
Igogailua kristalezkoa izango da, eta merkatuaren diseinua kontuan hartuta, igogailua erabilita kalera atera ahal izango direa herritarrak goiko solairutik. Behar horrek 80.000 euroko kostua edukiko du.
Behar horrekin batera, komuneko konponketak ere egingo dituzte, eta saltokien aurrean jesarlekuak jarriko dituzte: «Jesarlekua, erosketak egitera doazenek gorde beharreko txandari eroso aurre egiteko izango da», argitu du Udalak.
DEIALDIAK
Hankapaloen kalejira erraldoia
LEKEITIO, - 2008-06-24
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.