
Lea ArtiBAI Euskararik eta Udalak akordioa sinatu dute
Euskara Euskararen normalkuntzan eragiteko lankidetza hitzarmena adostu dute datozen bi urteetarako.
edurne burgaña
Lekeitioko Udalak eta Lea ArtiBAI Euskarari Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, «euskararen normalkuntzarako»: datozen bi urteetarakoa da akordioa. 2003ko maiatzaren 13an sinatu zuten erakunde biek lehen hitzarmena, eta 2005eko abenduaren 22an bigarrena. Aurten iraungi da azken hitzarmena, eta horregatik, berri bat prestatu eta sinatu dute.
Eskualdean euskararen erabilera sustatzeko asmoz bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2003ko maiatzaren 13an Lekeitioko Udalak eta Lea ArtiBAI Euskarari Elkarteak. «Helburua euskararen arloan laguntza eta aholkularitza ematea eta hizkuntza egoera normalizatzeko konpromisoa hartu duten gizarte eragileei jarraipena egitea zen», azaldu dute.
Hurrengo hitzarmena 2005eko abenduaren 22an sinatu zuten erakundeok. Lekeitioko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2006-2009 onartu zuen. Horren helburua euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikarako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da.
Azterketa eta plangintza
Hitzarmen berriagaz Lea ArtiBAI Euskararik bere gain hartuko ditu merkataritza eta elkartegintza arloak euskalduntzeko beharrak, eta horretarako Euskara Zerbitzuagaz elkarlanean ariko da.
Akordioa 2010eko maiatzera arte egongo da indarrean: «Bi urteko hitzarmena da, eta luzatzeko aukera ere egongo da», jakin eragin dute elkartekoek.
Lekeitioko merkataritza-ostalaritza eta aisialdi arloetako eragile guztiak dira hitzarmenaren jasotzaileak. Elkarteak eragile horiekin «euskara normalizatzea» lortzeko ekintzak eta egitasmoak jarriko ditu martxan. Bisitak egingo dizkiete herriko merkatari-ostalari eta elkarteei beraien egoera zein den aztertzeko eta laguntza eskaintzeko. Ekintzotarako 46.400 eurokoa aurrekontua zehaztu dute.
JAIA
Erdotzako Andra Mari Jaiak
MARKINA-XEMEIN, Erdotza auzoan - 2008-09-05
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.