
Herriko hiru gune ezagutzen
Ondarea 'Ondarzabal' ontzia, Alde Zaharra eta Andra Mari eliza ezagutzeko batu da jendea, Lekeitioko II. Ate Irekiak-en barruan.
edurne burgañA
Herritarrek eta kanpotik datozenek herria hobeto ezagutzeko Lekeitioko II. Ate Irekiak egin zuten atzo. Ondarzabal ontzian egin zuten hitzordua. Gero, Alde Zaharreko kaleetan barrena herriaren historia ezagutzeko aukera eduki zuten, eta amaitzeko, Independentzia plazan dagoen Andra Mari eliza bisitatu zuten.
Ondarzabal ontzira joan zirenek lehengo arrantzaleen bizimodua eta beharra zelakoak ziren ikusi ahal izan zuten. Sasoi batean itsasora ateratzen zen ontzia portuan amarratuta dago orain; museoa da. Arrantza egiteko erabiltzen zutenetik ez dute aldaketarik egin, eta bere horretan jarraitzen du.
Jauregiz jauregi
Turismo Bulegoan hasita, Alde Zaharrera jo zuen atzoko bisitak. Ibilbidean Uriarte jauregia, Santo Domingo komentua, Turpin Dorrea eta beste hainbat jauregi bisitatu zituzten. Tartean, Uribarren jauregi etxea.
Sua mozteko harresiaren alboan dago Uribarren, eta orain dela gutxi XVII. mendeko txakolin dolarea topatu zuten bertan.
Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, bisitan ibili zirenek adi entzun zituzten azalpenak, baita eurek zekizkiten kontuak guztiei azaldu ere.
Lehengo garaiak gogoratuz
Arranegi Zabalan orain dela gutxira arte herriko andrak arraina zelan saltzen zuten ere gogoratu zuten herritarrek, eta denboragaz herrian eman diren aldaketez berba egiteko ere aprobetxatu zuten egindako ostera.
«Lehen jauregiak zirenak orain etxebizitza, hotel edo jatetxeak dira. Eta horixe da onena, holan ez bada, erortzen uzten dira eta», zioten atzo bildutakoek.
Bisita Andra Mari elizan amaitu zuten. Bihar, uztailean eta abuztuan ikusi ahal izango den erakusketa inauguratuko dute bertan. Herriko artelanak batuko ditu erakusketak.
AFARIA
Azaroak 29an Bertso Afaria
LEKEITIO, Ekaitz elkartean - 2008-11-29
DEIALDIAK
Alde Zaharreko Herri Krosa
LEKEITIO, - 2008-11-29
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.